XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NATURAREN KONTSERBAZIOA: NORA GOAZ?

Hartz-zuloaren orientazioa aldakorra da ale batetik bestera.

Orokorrean, altitude baxutakoak eguteran kokatzen diren artean, altitude garaietan daudenak iparraldera begira zuzentzen dira.

Bereizketa hau animaliaren beharrizan desberdinei lotzen zaie.

Honela, gehienetan behe-aldeko zuloak kumeak dauzkaten emeek erabiltzen dituzte; bertan emea ez da kanpo-aldearekiko erabat isolatzen, eta era berean bere letargia ere ez da hain sakona, tarteka esnatu, kumeei titia eman, eta berauetaz arduratzeko gai delarik.

Aldiz, ale bakartiek mendian gora jotzen dute hibernakera; bertan zuloratu, eta zulo-ataria elur-biziek estaltzen dutenean sortzen den mikroklima egonkorrean, metabolismo-maila balio minimoetara murriztuz mantentzen dira neguko loaldian.

Zuloak beti ere, ingurune-dibertsitate altueneko lekuetan eta aldaketa edo eraso antropiko handirik (baso-botatze, pista, e.a.) jasan ez duten lekuetan egoten dira.

Hartza ipar hemisferioko oihanetako animalia dugu, eta bere izaera jeneralistari esker oso baldintza desberdinetara egokitzeko gai da, bere lurraldean bizitzeko janari ugari eta lasaitasun minimoa aski dituelarik.

Piriniotakoa, ordea, populazio erliktikoa dugu, izaera hau gizakiak ezarritako presioei zor zaielarik.

Beraz, eta normala denez, hartz piriniarren bizilekuek ezaugarri amankomun garrantzitsua dute, alegia, mendietako bazterrik zail eta izkutukoenak direla, hots, giza iharduera txikiena pairatzen duten azkeneko zokoak.

Lasaitasuna eta segurtasuna bait dira hartz piriniarraren presentzia baldintzatzen duten faktore nagusiak.

Halaz ere, bere ibilaldi luzeetan animalia haran-hondoetako herri-inguruetatik hasi, 600 m inguruko altitudean, eta 2000 m-tatik gorako larreetarainoko bitarte zabalean mugitzen da.

Hartzaren bizilekua nolabait mugatzeko, ordea, ba dira zenbait ezaugarri bereizgarritzat har daitezkeenak.

Hartza oihan malkartsuenetan bizi da gehienbat, humanizazio gutxieneko parajeetan, eta dibertsitate-mailarik altuena duten lekuetan, bai topografikoki eta bai habitat desberdinei eta aukera trofikoari dagokiela ere.

Honela, kararritan kobazuloak eta aterpea aurki ditzake; pagadi eta izeidiek, berriz, gerizpea eta babesa eskeintzen dizkiote, eta soilune, larre eta oihan-mugetan janari ugari lor dezake.

Horrez gainera, haran-hondoan edota zirkoen magaletan oihanak izatea oso ongi datorkio, bai janaria lortzeko, eta baita izkutuan bide luzeak egiteko ere.

Bestalde, oihanaren mugetan hartzak aukera handiak ditu, izan ere larreetan ahabiak, belarra, konopodio-zelaiak hartzak eta bai basurdeak ere unbelifero honen tuberkuluak jaten ditu eta beste makina bat elikagai lor bait ditzake, arriskua somatuz gero berehala oihanean izkutatzeko aukera izanez gainera.

Era berean, izeidiaren ertzetatik aziendei so egon daiteke, udan eta udazkenean batez ere, bat edo beste harrapatzeko esperantzaz.

Azkenik, hartzak derrigorrezkoak ditu izkutatzeko leku bat eta ihesbide ugari bere lurraldean.

Gauza nabarmena da hartzak jakinezko bide eta mendi-lepoak erabiltzen dituela bere ibilaldietan, izan ere, zuhurtasun handikoa izateaz gainera, ohituraz jokatzen duen animalia ere bai bait dugu.

Honela beraz, begibistakoa gertatzen da hartzaren kontserbazioaren gakoa batez ere animaliaren bizilekuaren babesean dagoela; zoritxarrez, eta gero eta gehiago gainera, ingurune menditarra oso ahul gertatzen da giza iharduera gehienen aurrean.

Gainontzeko bizidun guztiek bezalaxe, hartzak ere gutxienezko eremu bitala derrigorrezkoa du.

Bertan nahikoa elikagai, eta normaltasun minimoaz bizitzeko adina lasaitasun eskeiniko dion babeslekua behar ditu.

Eremu bitalaren barnean bi eskualde bereiz daitezke: batetik babes-eremua dugu, eta hartzak hara joko du beti lasaitasun bila; eta bestetik, animaliak bere janaria bilatzeko erabiltzen duen lurraldeak, eta lan horretan erabiltzen dituen mendi-lepo eta pasabideek osotzen duten iharduera-eremua.

Honela, babes-eremuak eta iharduera-eremuak animaliaren iharduera iraunkorreko lurraldea eratzen dute.

Horrez gainera, hartzak noizbehinka irtenaldiak egiten ditu iharduera iraunkorreko lurraldetik.

Tarteka bisitatzen dituen lurralde hauek animaliaren errantza-eremua osotzen dute.

Hala ere, urte-sasoi desberdinetako janari-eskaintza desberdinak direla eta, eta janari hauen eskuragarritasunaren arabera, hartzak nahikotxo aldatzen du bere aktibitate-eremua.

Honela, neguaren bukaeran eta udaberria hasten denean, elurra oraindik ugari izanik, hartzak bizimodu sedentarioa egiten du, batez ere eguteran kokatutako basoen beheko mugetan ibiltzen delarik.

Hau hibernaziotik aktibitaterako trantsizio-garaia izaten du, eta mugimenduak elikagai-agerpenaren arabera hasiko ditu.

Udaberrian, berriz, lurraldea zabaldu egiten du, babesa izei-estaiaren goiko aldean bilatuz; jateko beherago jeitsi behar izaten du noski, eta ondorioz sasoi honetan asko ibili beharra dauka.